Edukira joan
EU ES
 

Ikastetxearen partaidetza arrakastatsua EuskoSkills 2021ean

Eskolako ikasleek urrezko bi domina eta zilarrezko beste bi lortu dituzte

Ikastetxeak espezialitate ezberdinetako sei ikaslerekin hartu du parte EuskoSkills txapelketan.

EuskoSkills, Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak antolatua, Lanbide Heziketako zikloetan matrikulatuta dauden eta egiten duten zikloarekin zerikusia duten probetan parte hartzen duten ikasleei zuzendutako lehiaketa da. Lehiakideek egiten duten heziketa-zikloaren berezko trebetasunak erakutsi behar dituzte egun eta erdiko txapelketan zehar.

Ekimen honen helburu nagusia, txapelketen bidez, gaitasunek eta gaitasun-maila altuek arrakasta profesionala lortzeko eta errealizazio pertsonalerako dakarten funtsezko ekarpenaz kontzientziatzea da.

EuskoSkills 2021, 19 kategoriatan garatzen da, eta Euskadiko Lanbide Heziketako 41 ikastetxetako 146 ikaslek parte hartu dute aurten Irungo FICOBAn ospatu den lehiaketan. Kategoria bakoitzeko irabazlea Euskadiren ordezkari izango da datorren martxoan Madrilen ospatuko diren SpainSkills estatuko txapelketan.

Tolosaldeko ikasleen parte-hartzea

Oier Igoak eta Adrian Arellanok, Sareko informatika sistemen administrazioko zikloko ikasleek, heziketa-zikloaren izen bereko kategorian hartu zuten parte, eta raspberry Pi eta Cisco packet tracer erronkak landu zituzten. Egun eta erdiko lan gogorraren ondoren, Adrian Arellanok urrezko domina irabazi zuen.

Igor Garmendiak, Soldadura eta galdaragintza zikloko ikasleak, soldadura kategorian parte hartu zuen, egun eta erdian zehar hiru proba ezberdin eginez. Igorrek lan bikaina egin zuen, urrezko domina irabaziz.

Oinatz Otegik eta Markel Muñozek, Produkzioaren programazioko zikloko ikasleek, zenbaki kontroleko fresadora atalean hartu zuten parte, pieza baten planotik abiatuta fabrikatzeko programa eginez eta zenbaki kontroleko fresatzeko makinaz fabrikatuz. Bi ikasleek lan bikaina egin zuten, eta Markel Muñozek zilarrezko domina lortu zuen.

Asier Sarasolak, Instalazio elektriko eta automatikoak zikloko ikasleak, instalazio elektrikoen atalean hartu zuen parte, etxeko zirkuitu elektriko baten instalazioa eginez. Asierrek zilarrezko domina irabazi zuen egindako lan bikainari esker.

Eskertza ekitaldia

Ikastetxeak EuskoSkills 2021ean parte hartu duten ikasle eta irakasleei eskerrak emateaz gain, zoriondu egin nahi izan ditu, horretarako prestatutako ekitaldian.

© tolosaldea
Telefonoa: 943651147
idazkaritza@tolosaldealh.eus