Edukira joan
EU ES
 

Bost bira munduari

“Hondakin-uren energiaren birbalorazio” proiektuak hustubideetatik botatzen dugun energia berreskuratzea du helburu. Dutxatzeko erabiltzen dugun ur kantitatea, batez beste, egunean 60 bat litro dira pertsonako. Ur hori erabili eta 40 bat gradutan botatzen dugu hustubideetan behera. Dutxetan instalatzen den bero trukagailu bati esker, hondakin den ur bero horri energia kentzen zaio dutxara datorren ura aurrez berotuz. Trukagailu aukera ezberdinak daude, baina sinpleena erabilita ere energiaren %43a berreskuratzea lortuko genuke. Sistema honen bitartez gure ikastetxeko langileriak urtebetean berreskuratuko lukeen energia kopuruak, kotxe elektriko batek munduari bost bira emateko erabiliko lukeenaren adinakoa litzateke.

Produktuaren inguruan erabiltzaileei sortzen zaizkien kezketako bat da ea sistema honek ur garbia eta erabilia nahasten ote dituen. Ez da urik nahasten, bi zirkuitu isolatuetan dago ur mota bakoitza, elementu metalikoak erabiltzen dira energia batetik bestera trukatzeko, transmisioaren bidez. Sistema berbera erabiltzen da gas galdaretan, errekuntzako keak ez dira kontsumoko ur beroarekin nahasten, aparte doaz.

Proiektu honen berri emateko, maiatzaren 5etik-8ra, Durangon ospatu den Berdeago azokan parte hartu du ikastetxeko Mantentze alorrak. Maiatzaren 7an, larunbatean, Oskar Sotok hitzaldi bat eman zien instalatzaileei, lanbide heziketak helburu komertzialetatik at berrikuntza hauetan duen papera azpimarratuz.

Hezkuntza Ministerioak diruz laguntzen du proiektu hau eta, Tolosako Tolosaldea LHII, Iruñako Virgen del Camino eta Valentziako Luis Suñer eta Bernat Ginovart ikastetxeek parte hartzen dute, Cerian enpresarekin batera. Ikastetxe hauetan, sistema honen inguruan hezteko entrenadoreak jarriko ditugu, beraiekin lan egiteko eta energia kontsumoan aurrezteko bidean irtenbideak ezagutarazteko.

© tolosaldea
Telefonoa: 943651147
idazkaritza@tolosaldealh.eus