Edukira joan
EU ES
 

Elkarnet proiektua

Elkarnet koordinazio proiektua Lanbide Heziketako ikastetxeei zerbitzu bat eskaintzeko sortu zen; ikastetxeetako sare informatikoaren administrariei zuzendutako zerbitzua, hain zuzen ere. Sare administrariek osatzen duten komunitate honi Elkarnet deritzo eta Tolosaldea LH-ko sare administraria bertako partaide da.

Etengabe erronka berriak sortzen diren mundua izanik, zentzua du honelako zerbitzu bat mantentzea eta indartzea, ikastetxeetako informazioaren segurtasuna bermatu nahi bada.

Elkarnet koordinazio taldea ahaleginak egiten ari da komunitateak konpartitzen dituen arazo, aukera berri, aldaketa eta abarren aurrean azpiegitura egoki bat sortzeko. Alderdi desberdinak jorratzen dira; besteak beste, Hekuntza Sailarekin harremanak, sare administrarientzako formazio saioak eta informazioaren partekatzea/antolaketa.

Hauek dira lortu nahi diren helburuak:

- Hezkuntza Sailetik iristen diren gaietan bitartekari lanak burutzea.

- Interesa duten gaiak identifikatu eta formazio saioak antolatzea.

- Partekatzen ditugun informazio, helburu, mehatxu etabar garrantzitsuenak identifikatzea.

- Informazioa partekatzeko egiturak eta erremintak garatzea.

Proiektuak ikasturte osoko iraupena du eta urtero berritzen da. Tolosaldea LH-z gain, proiektu honetan ikastetxe hauetako sare-administraiek hartzen dute parte: Tknika Ikerketa Zentroa, IMH (Elgoibar) eta Iurreta Institutua (Iurreta). Aurtengo pandemiarekin, gainera, lantaldea indartzeko IKT esparruko zenbait aditu ere gehitu dira.

Big Data LH Euskadin

Tolosaldea Ikastetxeak parte hartzen jarraitzen du sailburuordetzak bultzatutako proiektu honetan.

Aurten, ikasturte oso berezia izanik, Big Data LH Euskadiko taldeko partaideek datuaren tratamenduan hobekuntzak proposatu eta Lanbide Heziketako sistema osoak duen datuekiko erlazioa estutu eta hobetu nahi dute.

Proiektuaren helburuak ez dira aldatu, bi dira nagusiki:

• Batetik, sisteman sortzen den informazioari tratamendu hobea eman nahi zaio, informazio horretan oinarrituz, etorkizunean erabaki hobeak hartzeko.

• Bestetik, informazioaren eta datuaren kultura bultzatu nahi da Lanbide heziketan, ekintza ezberdinen bidez: ikasketa komunitateak, proiektu komunitateak, formazioa eta abar.

Beste ideia batzuen artean, aurten bereziki erabilgarriak diren lanak identifikatu nahi dira. Une honetan dugun lan egiteko modua sinplifikatu, eta benetan baliagarriak diren ekimenak bultzatu nahi dira, sisteman inpaktu bat izan dezaten.

Iaz ekintza “pilotu” bat landu zen kurtso amaieran proiektu honek bultzatuta, eta bertan jasotako ekarpenak kontuan izanda, aurten lehen “Ikasketa Komunitatea” (CoA) martxan jarriko da “Ikastetxe bateko Analisia” deritzona. Bertan, ikastetxeek beraien esperientziak partekatu eta datuen tratamenduarekin dituzten zalantzak argituz, informazioaren kudeaketan aurrera egiteko aukera izango dute.

Mantenu digital 4.0 ezarpena enpresako ERP orokor batean integratuta

Gaur egun enpresa, behar bezala lan egiteko eta lehiakortasun aldetik puntakoa izateko, industria 4.0 delakoa aplikatu beharrean dago.

Industria 4.0 barruan, ERP oso baten sorkuntza da helburua, baina hau dena pausoz-pauso egin behar denez, ERP horren ezarpenerako lehen pausoak ematearekin hasiko litzateke, eta horixe da, hain zuzen, proiektu honen xedea, enpresaren lan metodologia eta baliabideen berrantolaketa.

Helburu nagusia enpresaren berrantolaketa osoa izan arren, epe ertainera finkatutako helburuak hurrengoak izango lirateke:

1. Tailerreko makinen berariazko mantentze plana prestatzea, jarraibide digitaletan oinarrituta

2. Planoen eta produkzioaren programazioaren dokumentazioaren digitalizazioa

3. Guzti horren elkarketa

4. Dena ERP baten bidez integratzea.

Hori guztia batera egitea ezinezkoa denez, enpresak bitartean lanean jarraitu behar duenez, guzti hau pausoka egitea proposatzen da, eta TOLOSALDEA LHII institutuko teknikarien laguntzarekin egingo da. Beraz, proiektu honetan lehenengo helburuari helduko zaio.

Eransketa bidezko fabrikazio metalikoa

Eransketa bidezko fabrikazioari etorkizunean hazkunde eta garapen handia aurreikusten zaio, Fabrikazio Aurreratuaren (Advanced Manufacturing) funtsezko prozesuetako bat da eta. Eransketa bidezko fabrikazioa, 3D-Printing terminoarekin lotu ohi dena, produktuak bururatzeko, diseinatzeko eta fabrikatzeko modua transformatzen ari den ahalmen berritzaile handiko teknologia multzoa da.

Aurten ere Tknikak bultzatzen duen “Eransketa bidezko fabrikazio metalikoa” espezializazio-proiektuan Tolosaldea LHII ikastetxeko galdaragintza alorrak parte hartuko du. Proiektuaren barruan, WAAM (Wire Arc Additive Manufacturing) familiko Plasma teknologia arloan izango gara partaide.

Iaz, plasma robotizatu batekin egindako lanari esker, lortutako jakinduria eta trebetasuna ADDILAN enpresa euskaldunak sortutako makinan aplikatuko dira aurtengoan. Helburu nagusia, makina berria erabiliz, material eta forma ezberdineko piezak lortzea izango da. Bestalde, enpresako teknikoekin harreman estua mantentzen da, etor daitezkeen modelo berrietan hobekuntzak txertatu ahal izateko.

Fundizioko piezak lortzeko 3D inpresioko tekniken azkerketa estrategikoa

Enpresa honek, bere bezeroek osatzen duten sarearen bitartez, iristen diren ordezko piezak fabrikatu eta zerbitzatzen ditu. Gaur egun, ordezko pieza hauetako batzuetan, bezeroei ematen zaizkien epeak oso luzeak dira egungo fabrikazio teknologia eta teknikak direla eta.

Bestalde, enpresa hau pieza hauen soluzio digitalen garapenerako prozesu batean murgildu da, batez ere 3D inpresio bidezko teknikatan, bezeroei zerbitzu hobeagoa emateko helburuz.

Hori dela eta, orain arte fundiziorako egurrez eginiko modelo edo ereduei alternatiba bat garatzeko prozesuan dabil, fabrikazio aditiboan oinarrituta.

Ezarritako helburu orokorrak honako hauek dira:

1. Metro bateko inguruko neurri esanguratsutara egokitutako fabrikazio aditiboko eredu bat diseinatzea.

2. Fabrikazio aditibo bidez fabrikazioa exekutatzea, plastikozko eredua eginez eta arearekin eginiko molde bat zuzenean eraikiz.

3. Azken piezak eraikitzea modelo eta teknika alternatibo hauek erabiliz.

4. Azken onarpena edo balidazioa egitea bai enpresa barruan eta bai bezeroen aldetik.

Paperaren ebaketarako makinen balazta sistema sentsorizatua

Enpresa honek bere ibilbidean zehar merkatu kuota garrantzitsua lortu du, bai estatu mailan eta baita nazioartekoan ere, eskeinitako zerbitzu eta kalitateari esker.

Honi guztiari esker, izen handiko enpresak ditu bezeroen artean, eta hauek kalitate eta baldintza oso estuak eskatzen dituzte.

Enpresa honek paperaren ebaketan eta manipulazioan eskaintza zabala ematen du formatuari dagokionez, paperaren bobina eta inprimatzaile handien arteko prozesua eskainiz, editorialentzat, multikopistentzat, eta nola ez, etxerako erabilpenerako paper enpresentzako.

Bezeroei eskaintzen zaien zerbitzuan hobetzeko eta lehiakortasunean irabazteko asmoz, makinetako batean ardatzen abiaduraren eskuzko kontrola sensore bidezko sistema automatiko batengatik aldatu beharra ikusten da, eta horretarako, Tolosaldea LHIIra jo dute.

Tolosaldea LHIIk, kalkuluak eta simulazioak egin ondoren, makinak orain duen eskuzko sistemaz gain, sensore bidezko abiadura eta paperaren tentsiorako sistema automatizatu bat ezarriko dio makinari.

Ezagutzaren kudeaketa

Edozein erakundean ezagutzaren kudeaketa garrantzitsua bada, hezkuntza zentro batean gure eginkizun eta funtzionamenduaren oinarria da. Gure ezagutza da gure ondasun garrantzitsuenetariko bat eta horren kudeaketa funtsezkoa bilakatzen da. Gure ezagutza ez galtzeko eta eraginkorra izateko eskuragarri eta era esplizitoan leku ezagun batean egotea komeni da.

Ezagutzaren kudeaketa da estrategia konsziente bat non, erakundeko ezagutza kolektiboa aurkitzeko eta erabiltzeko testuingurua, infraestruktura eta ikaskuntza zikloak ezartzen diren (O`Dell, Elliot eta Hubert).

Erakundeak zer dakien jakiteak funtzionamendua eta kanpoko harremanak hobetzea baimentzen du. Horretaz gain, ezagutzaren kudeaketa, berrikuntza eta eraginkortasuna areagotzeko jakinduriaren bultzada da.

Hori dela eta, proiektu hau eskolako plan estrategiko nahiz V planetik bultzatzen da.

V planeko 7. eremu estrategikoa konplexutasunaren kudeaketa da, eta lehenengo helburua ikastetxean informazioaren eta ezagutzaren kudeaketa eredu bat ezartzea du.

Gure plan estrategikoan egitura orekatua lortzeko lan ildo barruan kokatzen dugu ezagutzaren kudeaketa, langilegoaren gaitasunak indartzeko proiektuarekin batera.

Hiri mobiliarioan eta itxitura metalikoetan material aprobetxamendu eta aurrezpenerako korten altzairuzko pieza modularrekin prototipatzea

Barne eta kanpoko diseinuak garatzen lan egiten duen enpresa hau, hiri altzariak eta hesitze moduak gero eta berritzaileago eta aldakorragoak gainentzen ari da. Bezeroek, gero eta gehiago, ari dira eskatzen horrelako forma berezi eta materialekin itxiturak diseinatzeko, eraikitzeko eta instalatzeko.

Bezeroek azken boladan eskatzen duten itxituren artean, gero eta gehiago, Korten altzairuz eginiko piezak bolumen handikoak dira. Hori ikusirik, eta material honen pisu eta prezioak kontutan izanda, diseinuan moldaketak egin behar direla ikusi dugu, eta nolabait piezak arindu.

Horretarako, Tolosaldea LHIIra jo dute diseinu berri bat egin, prototipo bat eraiki eta instalatzeko. Emaitzak ikusi ondoren, azterketa bat egingo da, merkaturako prest dagoen edota aldaketak egin behar diren ikusteko, etorkizunean bezeroei eskaintzeko asmoz.

Sistema adimendunak lanbide heziketan

Sistema Adimenduena, Tknikaren -Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatutako Zentroa- espezializazio arlo berri bat da. Bertan kokatzen da proiektu hau.

Proiektuaren helburua adimen artifizialeko aplikazioak (ikusmen artifiziala, ikasketa automatikoa, ahotsaren prozesamendua …) alor ezberdinetan txertatzeko moduak bilatzea da. Batez ere aplikazio praktikoak eta ikastetxeetan egon daitezkeen baliabideekin egiteko modukoak aurkitu nahi dira.

Tknikako Berrikuntza Teknologikoa eta Sistema Adimendunen alorreko proiektua da eta Don Bosco LHII Institutuak (Errenteria) eta guk, Tolosaldea LHIIk, hartzen dugu parte bertan.

Polo elektrikoak soldatzeko posizio anitzeko bolteadore baten deseinu eta eraikuntza

Proiektuaren funtsa generazio elektrikoko 2000 Kg-arteko elementuen poloen soldaketarako posizio anitzeko bolteadore pertsonalizatu bat eraikitzea da. Honela, hasiera batean, noiz behinka iristen ziren lanak, eskuz egiten ziren.

Azken aldian eskaera hauek jarraian heltzen dira, eta enpresako langileek eguneroko lana modu erosoagoan eta segurtasunez egiteko aukera izango lukete honela.

Txirrindak suspensioan biltegiratzeko gailu baten diseinu eta prototipoaren eraikuntza

Txirrinda denda bateko tailerrean eta biltegian, bizikletak sabailatik zintzilik biltegiratzeko neurrira egindako sistema diseinatu eta lehen prototipoaren fabrikazio edo eraikuntza egin behar dugu, tailerreko tamaina eta bizikleta kopurua kontutan izanda, espazio-arazoari irtenbidea emateko asmoz.

Sistema mekaniko honen prototipoaren diseinua pentsatu eta egin ondoren, gailu mekaniko honen lehen prototipoa fabrikatuko eta probatuko da.

Diseinu egokia lortzen badugu, epe ertain batera, gure egoitzean ezartzeaz gain beste hainbat denda nahiz tailerrei saltzeko aukera planteatuko genuke.

Txirrindak eramateko pintzen diseinu eta eraikuntza

Proiektu honek, txirrinden eta hauen konponenteen garraiorako tresnak egiten dituen enpresa batentzako, txirrinden garraiorako euste-pintza batzuen diseinuan hobekuntza funtzional eta estetikoa egitea du helburu. Elementu hauek txirrindulari lasterketetako ekipoen autoetako garraiorako parrilan ezarriko lirateke. Diseinu honen ondoren, prototipo desberdinak eraikiko lirateke 3D inpresioaren bidez, eta egin beharreko egiaztapen guztiak egin ondoren, nola merkaturatu aztertuko da.

IKT aRitua (ethazi)

IKT aRituon lana, Tknikako ikaskuntza eta etekin handiaren arloaren baitan ulertu behar da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lanbide heziketako ikastetxeetan, ethazi ikaskuntza-ereduaren indartzean eta hobekuntzan laguntzen dugu gaitasun digitalen lanketa sustatuz. Lan hau burutzeko ezinbestekoa izanik beste ethazi aRituekin batera lankidetzan aritzea.

Horretarako, IKT pedagogoen sarea (gaur egun 42 ikastetxeek osatzen duguna) sustatzen dugu lankidetzaren bidez, praktika onak partekatuz, ezagupena askatasunez konpartituz eta prestakuntza eta erlazio egonkorren guneak sortuz.

Ondoko helburuak bete nahi dira proiektua aurrera emanez:

• IKT pedagogoen sarearen bidez, ikaslearen gaitasun digitalekiko prestakuntza orokorra hobetzea

• Ikasleari bere ikaskuntza prozesuan laguntzea gaitasun digitalak landuz

• Ethazi ereduko, erronketako urratsak indartzea gaitasun digitalak landuz. Horretarako jarduera digitalak diseinatuz eta sustatuz

• IKT pedagogo-gaien prestakuntza antolatu eta ematea

• Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lanbide heziketako ikastetxeetan, ikaskuntza prozesua hobetze arren, gaitasun digitalen lanketaren nondik norakoak ezagutaraztea, beti ere hauek zehar gaitasun gisa harturik (EPA (ethazi prestakuntza aurreratua)ikastaroetan parte hartuz eta ikaskuntza koordinatzaileei ikastaroak emanez besteak beste). 

Proiektu honetan eta beti ere Tknikako ikaskuntza eta etekin handiaren arloan kokaturik, Tartanga, Cebanc, Nikolas Larburu eta guk, Tolosaldeak, hartzen dugu parte.

© tolosaldea
Telefonoa: 943651147
idazkaritza@tolosaldealh.eus