Edukira joan
EU ES
 

Piezak neurtzeko eta diseinatzeko metodologian 3D eskanerra

Enpresa batek bezeroen eskakizunak bete aldera, eta araudi berrira egokitzeko asmoz, piezak neurtzeko eta diseinatzeko metodologian 3D eskanerraren erabilera txertatu beharra ikusi du beraien eguneroko lanean. Horretarako, laguntza eta aholkuraritza eman zaie prozesu osoan zehar, lehen pieza batzuk neurtzeaz gain. Azkenik, teknologia berri hau ikasi eta enpresak 3D eskanerra erostea erabaki du.

ISO CNC hizkuntzatik, CAD-CAMerako bidea

Proiektu honek, empresa baten orain arteko mekanizaziorako lan modua aldatu du.

Garai bateko ISO CNC programazioa pixkanaka utzi eta CAD CAM bidez lan egiteko jauzian programazioa, makinen arteko komunikazioa eta nola ez CAD CAM hizkuntzan lanerako ohituren aldaketan lagundu diogu.

Poliamidaz fabrikatutako galdaketarako ereduak eta moldeak

Galdaketarako ereduak eta moldeak diseinatu eta fabrikatzen dituen enpresa batek kostu txikiko ekoizpen-prozesu errentagarriagoak eta ekologikoagoak bilatzen ditu, merkatuan lehiakorragoak izateko. Horretarako, poliamidazko materialarekin 3D inprimatze-teknologia berrian oinarritu ginen, eta, ondoren, estrategia berriaren eta zurezko modeloen arteko alderaketa egin genuen.

Neurrira diseinatutako eta eraikitako 3D bidezko polimerozko piezak

Enpresa batek piezak orain arte metalezkoak egiten zituen. Proiektu honen helburua, gure ikastetxean neurrira diseinatu eta eraikitako pieza desberdinak 3D polimeroan eraiki eta posprozesatu ondoren prototipo bezala probatu eta montatzea da.

Etorkizunean, arrakasta baldin badu gehiago egiteko aukera buruan dauka enpresak.

Bio-Inprimagailua

Enpresa batek BIO-INPRIMAGAILU bat eraiki nahi du. Horretarako, pieza mekaniko batzuren diseinu eta eraikuntzan lagundu zaio ikastetxearen aldetik, eta orain multzo osoa probatuko da emaitza aztertuz.

Elurra prestatzeko makina

Elkarte batek, iraupen eskirako zolua prestatzeko makina baten eraikuntzan laguntza eskatu digu. Elurra puskatu, zapaldu eta bi eskien bidea egiteko arrastoa ere prestatu behar da pasada batean.

Horretarako, piezen diseinuan fabrikazioan eta montaian lan egin dugu galdaragintzako alorrekook. Ondoren, izotza aurrez puskatzeko eranskin batzuk ere sartu zaizkio, eta probatu ondoren makina ederki doa. Emaitza, argazkitan ikus daitekeena da.

Elkarnet proiektua

Elkarnet koordinazio proiektua Lanbide Heziketako ikastetxeei zerbitzu bat eskaintzeko sortu zen; ikastetxeetako sare informatikoaren administrariei zuzendutako zerbitzua, hain zuzen ere. Sare administrariek osatzen duten komunitate honi Elkarnet deritzo eta Tolosaldea LH-ko sare administraria bertako partaide da.

Etengabe erronka berriak sortzen diren mundua izanik, zentzua du honelako zerbitzu bat mantentzea eta indartzea, ikastetxeetako informazioaren segurtasuna bermatu nahi bada.

Elkarnet koordinazio taldea ahaleginak egiten ari da komunitateak konpartitzen dituen arazo, aukera berri, aldaketa eta abarren aurrean azpiegitura egoki bat sortzeko. Alderdi desberdinak jorratzen dira; besteak beste, Hekuntza Sailarekin harremanak, sare administrarientzako formazio saioak eta informazioaren partekatzea/antolaketa.

Hauek dira lortu nahi diren helburuak:

- Hezkuntza Sailetik iristen diren gaietan bitartekari lanak burutzea.

- Interesa duten gaiak identifikatu eta formazio saioak antolatzea.

- Partekatzen ditugun informazio, helburu, mehatxu etabar garrantzitsuenak identifikatzea.

- Informazioa partekatzeko egiturak eta erremintak garatzea.

Proiektuak ikasturte osoko iraupena du eta urtero berritzen da. Tolosaldea LH-z gain, proiektu honetan ikastetxe hauetako sare-administraiek hartzen dute parte: Tknika Ikerketa Zentroa, IMH (Elgoibar) eta Iurreta Institutua (Iurreta). Aurtengo pandemiarekin, gainera, lantaldea indartzeko IKT esparruko zenbait aditu ere gehitu dira.

Big Data LH Euskadin

Tolosaldea Ikastetxeak parte hartzen jarraitzen du sailburuordetzak bultzatutako proiektu honetan.

Aurten, ikasturte oso berezia izanik, Big Data LH Euskadiko taldeko partaideek datuaren tratamenduan hobekuntzak proposatu eta Lanbide Heziketako sistema osoak duen datuekiko erlazioa estutu eta hobetu nahi dute.

Proiektuaren helburuak ez dira aldatu, bi dira nagusiki:

• Batetik, sisteman sortzen den informazioari tratamendu hobea eman nahi zaio, informazio horretan oinarrituz, etorkizunean erabaki hobeak hartzeko.

• Bestetik, informazioaren eta datuaren kultura bultzatu nahi da Lanbide heziketan, ekintza ezberdinen bidez: ikasketa komunitateak, proiektu komunitateak, formazioa eta abar.

Beste ideia batzuen artean, aurten bereziki erabilgarriak diren lanak identifikatu nahi dira. Une honetan dugun lan egiteko modua sinplifikatu, eta benetan baliagarriak diren ekimenak bultzatu nahi dira, sisteman inpaktu bat izan dezaten.

Iaz ekintza “pilotu” bat landu zen kurtso amaieran proiektu honek bultzatuta, eta bertan jasotako ekarpenak kontuan izanda, aurten lehen “Ikasketa Komunitatea” (CoA) martxan jarriko da “Ikastetxe bateko Analisia” deritzona. Bertan, ikastetxeek beraien esperientziak partekatu eta datuen tratamenduarekin dituzten zalantzak argituz, informazioaren kudeaketan aurrera egiteko aukera izango dute.

Mantenu digital 4.0 ezarpena enpresako ERP orokor batean integratuta

Gaur egun enpresa, behar bezala lan egiteko eta lehiakortasun aldetik puntakoa izateko, industria 4.0 delakoa aplikatu beharrean dago.

Industria 4.0 barruan, ERP oso baten sorkuntza da helburua, baina hau dena pausoz-pauso egin behar denez, ERP horren ezarpenerako lehen pausoak ematearekin hasiko litzateke, eta horixe da, hain zuzen, proiektu honen xedea, enpresaren lan metodologia eta baliabideen berrantolaketa.

Helburu nagusia enpresaren berrantolaketa osoa izan arren, epe ertainera finkatutako helburuak hurrengoak izango lirateke:

1. Tailerreko makinen berariazko mantentze plana prestatzea, jarraibide digitaletan oinarrituta

2. Planoen eta produkzioaren programazioaren dokumentazioaren digitalizazioa

3. Guzti horren elkarketa

4. Dena ERP baten bidez integratzea.

Hori guztia batera egitea ezinezkoa denez, enpresak bitartean lanean jarraitu behar duenez, guzti hau pausoka egitea proposatzen da, eta TOLOSALDEA LHII institutuko teknikarien laguntzarekin egingo da. Beraz, proiektu honetan lehenengo helburuari helduko zaio.

Eransketa bidezko fabrikazio metalikoa

Eransketa bidezko fabrikazioari etorkizunean hazkunde eta garapen handia aurreikusten zaio, Fabrikazio Aurreratuaren (Advanced Manufacturing) funtsezko prozesuetako bat da eta. Eransketa bidezko fabrikazioa, 3D-Printing terminoarekin lotu ohi dena, produktuak bururatzeko, diseinatzeko eta fabrikatzeko modua transformatzen ari den ahalmen berritzaile handiko teknologia multzoa da.

Aurten ere Tknikak bultzatzen duen “Eransketa bidezko fabrikazio metalikoa” espezializazio-proiektuan Tolosaldea LHII ikastetxeko galdaragintza alorrak parte hartuko du. Proiektuaren barruan, WAAM (Wire Arc Additive Manufacturing) familiko Plasma teknologia arloan izango gara partaide.

Iaz, plasma robotizatu batekin egindako lanari esker, lortutako jakinduria eta trebetasuna ADDILAN enpresa euskaldunak sortutako makinan aplikatuko dira aurtengoan. Helburu nagusia, makina berria erabiliz, material eta forma ezberdineko piezak lortzea izango da. Bestalde, enpresako teknikoekin harreman estua mantentzen da, etor daitezkeen modelo berrietan hobekuntzak txertatu ahal izateko.

© tolosaldea
Telefonoa: 943651147
idazkaritza@tolosaldealh.eus